Azaro
ilunak Palestinan
Azaroa ez da hilabete
erraza izaten palestinarrentzat. Aurtengoa ere gogorra izango da, Donald Trump
Washingtongo Etxe Zurira heldu delako, bertako izar distiratsuena bihurtuz; eta
eskuindar bortitz honek ez du inoiz arazorik izan palestinarren laguna ez dela
adierazteko. Aitzitik, bere inguruko pertsonek finantzatu dute Netanyahuren
kanpaina eta, aurreratu duenaren arabera, prest omen dago Estatu Batuek
Israelen duten enbaxada Jerusalenera lekuz aldatzeko. Beraz, orain arte israeldarrek
Estatu Batuak lagun izan badituzte, badirudi Donald Trumpek areagotu dezakeela
adiskidetasun hori. Gainera, ikusi egin beharko da zer gertatuko den aurrerantzean
orain arte palestinarrei zuzentzen izan dizkioten diru laguntzekin.
Hasierara bueltatuz, azaroa
palestinarrentzat ez dela hilabete erraza izan nioenean, hilabete horretan
gertakizun garrantzitsu ugari eman izan delako adierazi nahi nuen; denak,
gainera, lotura berarekin: Palestinaren partiketa.
Datorren urteko azaroaren 2an
100 urte beteko dira Balfour adierazpena gauzatu zenetik; honen bitartez
Britainia Handiko Gobernuak “judutarren etxea” izango zena Palestinako lurretan
eraikitzen hasteko babesa eman zuen. Datorren urteko azaroaren 29an 70 urte
beteko dira Nazio Batuek 181 erresoluzioa onartu zutenetik, Palestina bi
estatutan zatitzen zuena.
Hori gutxi ez eta,
ekainean izan arren, beste urteurren berezi bat ere beteko da datorren urtean;
hain zuzen ere, 50 urte beteko direlako Sei Egunetako gerra eman zenetik.
Horren ondorioz Israel 20.000 kilometro koadro izatetik 102.400 kilometro
koadro izatera pasatu zen. Nazio Batuen iritziaren aurka eta potentzi askoren iritziaren
aurka Israelek, egun gutxi batzutan, Gaza, Zisjordania, Jerusalengo Hiri Zaharra
eta Golan eskuratu zituen.
2017an etorriko diren
urteurrenekin jarraituz, hogeita hamar urte beteko dira lehen intifada
gogoangarriari hasiera eman zion gertaera eman zenetik; Yabaliako errefuxiatuen
gunean Israelgo militarrek lau langile palestinar hil zituzten, palestinarren haserrea
eta borroka eraginez, harriak jaurtiz baino ez bazen. Orduz geroztik,
noizbehinka, horrelako intifadak izan ditugu, denok ezagutzen ditugun emaitza
larriekin.
Beraz, datorren urteak
urteurren berezi asko ekarriko dizkigu. Bitartean, Netanyahuk kolonizazio
prozesuarekin aurrera jarraitzea erabaki du; Espainiako Gobernua guzti horren
aurka azaldu da, eta zoriontzeko jarrera da, baina benetako presio
internazionala gauzatzen ez den bitartean Israel oso eroso sentituko da, eta
Washingtongo Etxe Zurira heldu den maizterrak ez du palestinarren egoera errazagoa
egingo. Hollande presidente frantziarraren saiaketa hutsala gertatu eta gero,
badirudi Putinek lekukoa hartu nahi duela bake prozesu bat ireki nahian.
Hango egoerak ez dauka ez
hankarik ez bururik; estatuek euren burua zuritzeko Palestinara dirua bidaltzen
duten bitartean, beste aldetik Israelgo Estatuarekin lanean jarraitzen dute. Bitartean,
hango hainbat lurralde oso egoera txarrean daude; Gaza batik bat. Serio heldu
behar zaio honi, bestela, pixkanaka hiltzen joango den gaia izango da; eta
palestinarrentzat, iluntzen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario