Felicitats, Catalunya!
Bartzelonan Diada ospatzen ari garela sentsazio asko datozkit
burura, azkeneko ordu hauetan hainbat irudi igaro direlako nire begien
aurretik. Atzo mahai inguruan parte hartzeko aukera izan nuen hemengo Euskal Etxean,
ezker abertzalea eta Podemoseko jendearekin batera; Alderdi Popularra zein
Alderdi Sozialistako politikariak ez ziren ezta animatu ere egin. Egia da
eurentzat ez dela mezu erraza, baina pixkanaka-pixkanaka jakitun izan behar
dira bai Euskadin zein Katalunian alderdi ‘erresidual’ moduan geratzen ari
direla. 2009ko hauteskundeetan Euskadiko alderdi sozialistak 25 eserleku lortu
zituen; egia da ezker abertzalearen ilegalizazioaren ondorioz izan zela ere,
baina jaitsiera handia iragartzen zaie; zortzi eserlekuraino. Eta bi alderdi
nagusien batuketa eginez, Estatuan %63 suposatzen dutena hemen laurdenera ere ez
dira ailegatzen.
Kataluniari helduta, Puigdemont
Presidentearekin egoteko aukera izan dugu hemen. Oso mezu garbia zuzendu dio Rajoyren
Gobernuari: Estatua Kataluniarengandik urrutiratzen ari da; deskonektatzen ari
da. Erakundeen ekitaldian arduradun instituzional askorekin egin genuen topo,
baita Madrilen lankide ditugun askorekin ere, eta haien mezua oso egokia izan
zen egun horretan El Born zentroan egindako ekitaldian; hain zuzen ere,
Katalunia jendea jasotzen duen herriarena: arraza ezberdin, kultura ezberdin…
denak ongi etorriak direla lur hauetara.
Diadan gertatutako gauza batzuek
ere hausnarketarako eman didate: ostiral arratsaldean Esquerra Democràtica de
Catalunya alderdiak Partit Demòcrata Català alderdirik gabe ekitaldi bat antolatu
nahi izatea zerbaiten adierazgarri da; aldi berean Colau alkatea PP, PSC eta
C´s talde politikoengandik urrutiratu nahi izan dute. Gaur, igandea, Casanovari
lore eskaintza egin diogu PDCkoekin batera. Oso momentu hunkigarria izan da hain
esanguratsua den unea alderdi honetako gure lagunekin batera ospatzeko aukera
izatea.
Momentu hauetan Katalunia tentsio
momentuak bizitzen ari da Estatuko hainbat botererekin: Auzitegi Gorenarekin; Consuelo
Madrigal, Estatuko fiskalak, mehatxua erabili du Kataluniaren aurka; eta Garcia-Margallo
ministroak terrorismoarekin lotuz erabili du Katalunia. Kataluniak behar duena
batuta mugitzea da; batuta gizartea eta batuta alderdi politiko guztiak
etorkizuneko fruituak elkarrekin jaso ditzaten. Alderdi politikoren batek
abantaila elektorala atera nahiko balu, prozesuak berak sufrituko luke.
No hay comentarios:
Publicar un comentario