Hiru, bi, bat… Kanpaina amaitzera doa!
Duela hamabost egun eman genion hasiera hauteskunde kanpainari, eta
dagoeneko amaiera jartzea egokitzen da. Ohikoa
den legez, denen proposamenak eta salaketak entzuteko aukera izan dugu; batzuk
zentzuzkoak, beste batzuk ez hainbeste eta, tartean, Euskadirekin eta gure
beharrizan eta aldarrikapenekin zerikusirik ere ez dutenak.
Azken honetan txapeldun izan direnak Estatu mailako lau alderdi
politikoetako ordezkari nagusiak izan dira. Guztira hamahiru aldiz izan dira bisitan
gurean: sei bider Rivera; hiruna aldiz, Sanchez eta Rajoy; eta Iglesias, behin.
Errejonen bi agerraldiak gehituz gero, hamabosteraino igo daiteke marka. Eta
marka da, baita ere, Euskadi eta euskaldunokiko erakutsi duten arreta maila
txikia; izan ere, bakoitzak bere alderdiko barne arazoak, eztabaidak edota Madrilgo
gobernua osatzeko batzuek besteei jarritako trabak baino ez dituzte izan
mintzagai.
Politika egiteko modua aldatzera etorri omen den Elkarrekin Podemosek
Iglesias eta Errejonen parte hartzea izan dute Euskadin, euren ekimenei distira
emateko. Badaezpada, ordea, ez dituzte batera agertu, “elkarrekin ezin dugu”
pentsatuko balute bezala. Horrela, euren arteko tirabirak, Madrilgo
hautagaitzaren inguruan dituzten eztabaidak… azaleratu dituzte. Eta Euskadiri
buruz zer? Ezer ez, eta egin dutenean, EAJ-PNV Jaurlaritzatik kentzea baino ez
dute izan ahotan, Ebrotik hegoalderagoko lurretan isiltzen duten Ezker
Abertzalearekiko hurbiltasuna antzemanez.
Eta zer esan PP eta PSOEri buruz? Podemos barruan horrelako errietak
badaude, atera kontuak aspaldiko etsai bi hauen artean! Rajoy hiru aldiz agertu
da Euskadin, PPri darion ustelkeria kutsua erakarriz; eta Sanchez hiru bider
izan da gurean, baina Espainiako gobernua eratzeko proposamenak baino ez ditu
izan buruan, edo gutxienez bere alderdiko idazkari nagusi moduan bizirauteko, alderdiko
bilera deituko duela ere iragarriz.
Eta Euskadi? Eta hemengo hezkuntza? Eta lana? Eta ekonomia? Hitzik ere ez.
EAJ-PNVk eta Urkullu lehendakariak argi dute horiexek direla gure
lehentasunak: langabezia %10etik behera jaistea, gazteei laneratzea erraztea, elkarbizitza
lantzea, inor bazterrean utzi gabe gutxien dutenek ezinbesteko zerbitzuak izan
dezatela lortzea… Guzti hori Euskadiren garapen politikoa ziurtatuz.
Horiek dira alderdi batzuen eta besteen arteko diferentziak: alde batetik
programak eta ideiak, baina, guztiaren gainetik, nahiak eta gogoak. Eta EAJ-PNVren
nahiak eta gogoak Euskadin daude, eta horretara bideratzen ditugu, ondorioz,
gure programak, gure ideiak eta gure lana. Kanpaina amaitzear da; mila esker gure
egitasmoak helarazten lagundu diguzuen guztiei eta jarraitu lanean igande
gauera arte, helburua lor dezagun.
No hay comentarios:
Publicar un comentario