Ustelkeriaren bi aurpegiak
Atzo goizean, Cuencako geltokira ailegatu zenean,
trenetik jaitsi zen Rita Barbera. Auto baten eraginez jaitsi zen. Ez zen izan
istripurik izan zuelako, ezta Madrilera errepidetik ailegatzeko asmoa izan
zuelako, ez. Autoa Auzitegi Gorenak igorri zuen Barberak Valentziako alkate
moduan egindako zenbait jarduera ikertuko zuela iragarriz. Horren berri jaso
bezain laster jaitsi zen trenetik eta bere etxera bueltatu zen, Senatuan zain
zituen kazetariengandik ihes.
Alderdi Popularreko hainbat zinegotzi eta aholkularik
bezala, Barberak 1.000 euroko donazioa egin omen zion alderdiari eta, nonbait, alderdikide
eskuzabal guzti horiei 500 euroko billete bi itzultzen omen zitzaizkienez,
instrukzio epaileak bera ere ikertzeko motiboak ikusi ditu, ezer larririk balego
aztertzeko.
Egiari zor, Auzitegi Gorenak ikerketa bat zabaltzea
besterik ez du erabaki. Oraingoz ez dago inputaziorik eta, beraz, Rita Barberak
bere defentsarako eskubidea duela adierazi behar da behin eta berriro. Baina, behin
hori esanda, bi gauza hartu behar ditugu kontuan:
Lehenengoa, Alderdi Popularra oso bakarti dagoela
azkeneko hilabeteotan. Orain, komenientziaz, Ciudadanos gerturatu zaiola kenduta,
azken urte hauetan oso bakarrik egon da, batez ere gainontzeko alderdiekin harreman
txarra izan duelako, ez duelako haiekin elkarrizketa bilatu ere egin. Honek
egoera zailean utzi du hauteskundeen ostean.
Bigarrena, ustelkeriarekin duten arazo larria da. Ez da
egunik pasatzen zeinetan ez zaion kasu larriren bat azaltzen Alderdi
Popularrari. Atzo Rita Barberari tokatu zitzaion; aurreko astean, Jose Manuel
Soria ministro ohiarekin borrokatu behar izan zuten; eta bihar… auskalo!
Azkeneko hilabeteetan ustelkeriaren kontrako lege bat edo
beste onartu da Alderdi Popularrak bultzatuta, bai. Hau ez dago sobera, baina
ez da nahikoa. Jarrera kontua da, eta Alderdi Popularra ez da sinesgarria.
Jendeak ez du inongo konfiantzarik Alderdi Popularrak ustelkeriaren aurka egin
dezakeenarekin. Eta, une hauetan, gobernatu nahi duen alderdi batek
sinesgarritasunik ez badu, eta gainera bakar-bakarrik badago, arazo handia du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario