miércoles, 1 de abril de 2015

Eutsi egunero euskararen lekukoari!


Igandean amaiera eman zitzaion hemeretzigarren Korrikari. Aurten niretzat berezia izan den aitaren egunean hasi zen gure ama-hizkuntzaren aldeko lasterraldia Urepelen eta, Euskal Herri osoan zehar euskararen lekukoa eskuz-esku eraman ostean, Bilbon bukatu zen. Aukera paregabea izan da, beste behin, gure euskaldun ahalmena agertzeko; euskahaldun izateko, Korrikaren leloak zioen legez.
Parte hartzeko aukera izan dudan arren, egun horietan beharrizanek Madrilera ere eraman naute, Senatuko osoko bilkuran izateko. Bertan, hainbat gairen artean, gure Taldeak Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen Administrazioa euskaraz agiri ofizialak tramitatzeko prestatuta dagoen ala ez galdetu zion Administrazio Publikoko ministroari. Baietz erantzun zuen Montorok, zer bestela? Dena dela, bere erantzunetik benetan harritu ninduenak euskararen aldeko laudorioak izan ziren, batez ere gure hizkuntza “Estatu espainiarraren nortasun ezaugarritzat” jo zuenean.
Espainiako Gobernuak hitzetan baino erakusten ez duen aldarrikapen honi buruz gauza asko esan daitezkeen arren, Estatuko Gobernuaren irizpide eta gizarte osoaren isla diren esparru horretako komunikabideek euskarari egiten dioten jarraipena ikustea besterik ez dago “nortasun ezaugarri” honi batzuek ematen dioten garrantzia antzemateko. Esate baterako, Korrika berarekin: hizkuntza baten alde hamaika egunetan zehar herri oso bat kalera atera duen ekimen batek ez du merezi izan aipamenik txikienik ere; aurten bertan omendu duten Durangoko liburu eta disko azokak hutsaren hurrenera hurbiltzen diren minutuak izan ditu medio handietan berrogeita hamar urtetan zehar euskal kulturaren hitzordu garrantzitsuenetakoa izan arren; eta beste hainbat ahanztura ere aipa daitezke gure hizkuntzan aritzen diren idazle, abeslari edo gainontzeko sortzaileen inguruan. Eurenak direla esan bai, baina benetan ez dituzte bere ikusten.
Egun askotan Madrilen lanean aritzen naizela aipatu dut arestian eta han, jakina, zailagoa da euskaraz hitz egiteko aukera izatea; Senatuan horretarako zortea badugu, bai EAJren lantaldean eta bai hemizikloko gure hitzaldiak itzuli egiten dituztelako, baina Kongresuan horretarako aukerarik ere ez diete ematen euskal ordezkariei. Tamalgarria da, baina, lankide batek esaten duen moduan, garrantzitsua ez da Madrilen euskaraz mintzatzea, Euskal Herrian egitea baizik. Horregatik, eskuz-esku eraman dugun euskararen lekuko fisikoa hurrengo Korrikaren ediziora arte gordeta izango den arren, ez dugu euskararen mintzoaren lekukoa gorde behar; atera dezagun egunero kalera, lanera, plazara... Euskarak egiten gaitu euskaldun.