viernes, 27 de marzo de 2020


Banderarekin astinduz
Politikan ohikoa da alderdiek gai bat aukeratu eta bandera moduan erabiltzea horrekin herritarren babesa lortzeko asmoz. Halere, sarritan batzuek nolabaiteko iruzurra egiten dute norgehiagoka horretan erabakiak hartzeko erantzukizunik ez dutela aprobetxatuz. Oposizioan, izan ere, erraza da demagogia egitea.
Egunotan, koronabirusa ia hizketaldi guztietako protagonista nagusia da. Etxetik irten ezinik egon beharra eragozpenik handiena dirudien arren, ez dauka parekorik gaitza sortzen ari den gaixo eta hildakoekin; hori da benetako arazoa. Kezka eta beldurra nagusi diren testuinguru honetan errazena da osasunaren bandera astindu eta norbera inor baino arduratuago bezala agertu nahi izatea: itxialdi osoak proposatuz, lan jarduera erabat gelditzea exijituz… Hori planteatzen dute oposiziotik, hori egiten ez duen Gobernuari bestelako interes ilun batzuk egotziz.
Jakina, denok ados gaude garrantzitsuena herritarren osasuna dela, inolako zalantzarik gabe, baina ez dira gauza bera lehentasuna eta esklusibitatea. Eta hor dago diferentzia: Gobernuak hainbat gairi heldu behar diola bere ardura guztiak betetzeko eta oposizioak nahikoa duela gai bakar horri heldu eta bandera astintzea agintean daudenei beti neurri gehiago, beti irtenbide hobeago edota beti erabaki egokiagoa exijitzeko.
Gaztelaniazko esaera bat erabiliz, errazagoa da predikatzea garia banatzea baino. Gobernuei garia banatzea dagokie eta oposizioei betebehar hori ondo egin dadila zaintzea eta eginkizun hori hobetzeko proposamenak egitea. Oposizio lan hori gai bakoitzak izan ditzakeen ondorio guztiak kontuan hartu gabe egiten dutenek, berdin askatasun eskubideen ikuspegitik zein ekonomi jardueraren adar konplexu guztiak aztertu gabe, ardura gabe jokatzen dute. Horiek ezin dira inoiz gobernura heltzeko moduko alderdiak izan, ezta oposizioa egiteko erreferente baliagarria ere; gehienez ere, banderak astintzen jarraitzeko.

viernes, 20 de marzo de 2020


Arrisku globalak; esker amaigabeak 

Behin baino gehiagotan aipatu izan dut nire iritzi artikuluetan arrisku globala. Arlo desberdinetan egin dut: ekonomiaz hitz egiterakoan, krisiaren eragina nola hedatu zen azpimarratuz; ingurumena lantzerakoan, aldaketa klimatikoa giza jardueraren ondorioa dela salatuz; terrorismoa gaitzesterakoan, inoiz bururatu ere egingo ez zitzaizkigun tokietara heldu dela gogoratuz; edo erakundeen egituraketak aipatzerakoan, joera horrek esparru lokaletako ekintza politikoa inoiz baino garrantzitsuagoa egiten duela defendatuz. 

Halere, eta gehien menderatzen dudan gaia ez delako, inoiz ez dut osasun arlotik gai honen inguruko hausnarketarik argitaratu. Gaur ere ez naiz ausartuko gehiegi sakontzen, baina azken asteotan Covid-19 delako birusaren hedakuntzak, Euskadira ere heldu denak, gaur egun lortu ditugun bizi mailak eta moduak osasun arrisku globalak ere eragin dituela ikusarazi dit. Duela urte batzuk esparru lokal batean geratuko litzatekeen drama batera mugatuko zen gaitz hau mundu mailako pandemia bihurtu da aste gutxi batzutan bizitzen ari garen teknologia eta aurrerakuntzaren aro moderno honetan; oraindik zein mailako ondorioak izango dituen ez dakigun gaitza, baina egunetik egunera ehunka heriotza eragiten ari dena. 

Aberasgarria da, zalantzarik gabe, munduan zehar ibiltzeko aukera izatea eta une oro elkarrekin komunikatuta egoteko aukera izatea, baina horrek arrisku globalarekin batera bizitzera behartzen gaitu. Eta gabezi global horiek gobernatu egin behar dira, eta horretarako irtenbide bakarra horiei erantzun globala ematea da. Aipatu ditut zenbait gai: ekonomia, ingurumena, terrorismoa, Europako Batasunaren egituraketa, Covid-19... kasu gehienetan Estatu bakoitza bere irtenbide propioa ematen ahalegindu da, antidotorik eragingarriena izango litzatekeen guztien arteko erantzun globala ematen saiatu beharrean.

Egunotan jipoitzen gaituen Coronavirus madarikatuari dagokionez, balio bera dute duela hiruzpalau hilabete urrutiko Txinan hiltzen hasi ziren pertsonen bizitzak zein hurbilagoko Italiakoak edo egunotan sufriten ari garen etxeko euskaldunenak; balio bera dute zendutako adindunek, aurretiaz gaixo edo gabeziren bat zutenek edo erabat sano egon eta birusak heriotzera eraman dutenek; halere, lerro hauen bitartez herenegun Bizkaian hildako erizaina gogoratu nahi dut. Berak, beste erizain askok eta sendagile edota euren arloko bestelako profesionalek bezala, gure osasuna zaintzeko berea arriskuan jarri zuelako. Nire txalo zaparrada amaigabea berarentzat. Beraientzat. Eskerrik asko. 

viernes, 13 de marzo de 2020

Birusa, protagonista 

Koronabirusa azken egunotako hizketaldi eta albiste guztietako protagonista da. Egia esan, gutxi dut esateko orain arte irakurri edo entzun ez duzuenetik aparte; izatekotan, senatari moduan gugan izaten ari den eraginaz jandungo naiz. Izan ere, Goi Ganberaren aktibitate gehien-gehiena eten egin da, aurreikusita zeuden Batzordeetako bilera guztiak bertan behera geratuz edota hurrengo Osoko Bilkura presazko gai bakar batera mugatuz. Azken hau, etxetik jarraitu eta bozkatzeko aukera izango dugu eta guk, osasun agintarien gomendioak jarraituz, horrela egingo dugu. 

Arazoaren ezaugarri eta tamainarengatik, behin baino gehiagori entzun izan diogu ez dela politika egiteko gaia, nahiz eta ondoren agintariei akuilua sartzeko aukera ez duten galtzen. Politikari batek Kongresua gerra garaian ere ez zela geratu esan zuen, Gobernuak hori egitea erabaki zuenean; geratu izan ez balu, seguru bere iritzia alderantzizkoa izango zela. Senatuan ere, alderdi horretako kide batek Osoko Bilkurara joan ahal izateko eskubidea aldarrikatu zuen; horrela baimendu zen, baina asteartean ikusiko dugu joango diren ala ez, osasun agintarien gomendioei eta zentzunari kontra eginez. 

Euskadin, Lehendakariak Osasun Emergentzia adierazi du gaitz honi aurre egiteko ahalik eta tresna gehien eskura izateko. Horrez gain, hauteskundeak deituta izanik, Urkulluk alderdi politiko guztietako bozeramaileak deitu ditu bilera batera astelehenean honen inguruko iritzia jasotzeko. Irtenbidea ez da erraza, baina argi dagoena da lehentasuna Herriaren beharrizan eta arazoei aurre egitea dela, eta horien artean Jaurlaritzak sendo eutsi dion koronabirusaren gaia ere. 

Aste zailak ditugu aurretik, eta eragozpen bat baino gehiago sufritu beharko dugu. Pazientziaz hartu behako da, eta osasun agintarien gomendioei eta bakoitzaren zentzunari jarraitzen badiegu laster beste hizketaldi eta albiste batzuk izango ditugu komentatzeko, birusa alde batera utzita izango dugulako. 

viernes, 6 de marzo de 2020


Gure bidean

Bihar aurkeztuko ditugu Gasteizen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako EAJ-PNVren zerrendak osatuko dituzten gizon eta emakumeak.  Talde prestatua eta lanari ekiteko prest ‘Gure bidean’ jarraitzeko, kanpainako leloak dioen bezala.

Gure bidean, urteotan jarraitu izan duguna bide aproposa dela erakutsi dugulako, nahiz eta orain determinanteak izan nahi dutenek ere ‘gure bidea’, guk jorratutako bidea, jarraitzen hasi omen diren erakundeetan. Guk jorratutako bidea, hain zuzen ere, beraiek berrogei urtetan zehar jarritako oztopoen gainetik. Ongi etorri!

Esaera zaharrak dio atzoko gertakariek biharko bideak argitu behar dituztela eta, nahiz eta batzuek euren iragana gogora ekartzea gainditutako garai bati alferrik ekitea baino ez dela esan, ariketa egokia da bakoitza nondik datorren eta nor den jakiteko. Beraz, lotsagatik edo estrategiagatik ezkutatu nahi duten iraganaren alderdirik beltzena aipatu gabe, berrogei urte beranduago konbertsioaren argia ikusi dutenek gugatik esaten zituztenak gogoratu nahi ditut, hain zuzen ere orain beraiek defendatzen duten estrategia defenditzen genuelako.

Adibidez, Maddalen Iriartek Euskadiko Alderdi Sozialista ere barnean hartuko lukeen ezkerreko alderdien batasuna iragarri du apirilaren 5eko biharamunari begira. Harritzekoa, beraien esanetan PSEren babesa bilatzea erabakitze eskubidearekin bateraezina omen zelako 2016an, eta iaz bertan eskubide horri uko egitea omen zen; are harrigarriagoa, Katalunian 155 Artikulua aplikatzearen alde agertu zirenekin egiturazko akordioak izatea ezinezkoa zelako. Madrilera begira, guk lortutako akordioak “lenteja plater” baten truke saltzea zen eta orain Sanchezi babesa ematen diote plater huts bategatik. Azken adibidea Aitor Estebanek salatu du gaur: Bilduk Gobernuko presidenteari galdera egiteko aukera izango du Kongresuko Osoko Bilkuran eta “Gernikako Estatutua eta Nafarroako Hobetzea beteko duen” galdegingo dio. Aitorrek dioen bezala, "berrogei urte eta gero, hau!"

Antzinako esaerek esperientziaren jakituria biltzen dute beti eta beste atsotitz batek dio “hobe dela bide zuzena bide laburra baino”. Batzuk laburbideak bilatzen ahalegindu ziren eta bidexka ilunetan galdu ziren, azkenean ere mespretxatzen zuten gure bidera heltzeko. “Egiak eta urak bere bidea egiten dute”.