viernes, 20 de septiembre de 2019


Hauteskundetako fakturak

Asko hitz egin da azaroaren 10ean egin beharko diren hauteskundeen aspektu ezberdinen inguruan. Gaurkoan, izango dituen kostuak, fakturak, azpimarratu nahi ditut. Kostuak eta fakturak, horrela, pluralean idatzita.

Irakurri dudanez, antolaketa lanek eta alderdi politikoei dagokien laguntzek 160 milioi euroko gastua ekarriko omen dute. 2016an onartutako lege aldaketa bati esker, alderdientzako dirulaguntzak %30 jaitsiko dira hauteskundeen errepikapena delako, dena dela, azken lau urteotako lau hauteskundeetan 540 milioi euro inguru xahutuko dira.

Asmo onez, herri ekimen baten bitartez milaka lagunek aldedi politikoek posta bitartez euren etxeetara publizitaterik bidali ez dezaten prozedura jarraitu dute, alde batetik diru galera arintzeko baina batez ere, nire iritziz, euren haserrea agertzeko modu bezala.

Pedro Sanchez jarduneko presidente eta PSOEko hautagaia ere, aurrezteko neurri moduan, alderdi politikoei kaleetan jartzen diren iragarkirik ez egiteko proposamena helaraziko omen die, aste bakar baterako banderola edota hesietan jartzen diren iragarkiak jartzeak ez omen duelako merezi.

Orduan, zein bide geratzen zaigu gure mezua herritarrei halarazteko? Denok dakigunez, oraindik ere telebista da herritar gehienengana heltzeko modurik eraginkorrena. Eta zer dio Sanchez hautagaiak? Debate bakar batean hartuko duela parte, bost alderdi baino ez. Eta zer dio Estatuko telebista publikoak? “Logikoak” diren hiru buruz-buruko antolatuko dituela: Sanchez-Casado, Sanchez-Iglesias eta Casado-Rivera.

Honenbestez, ikus dezakeguna da galera ekonomikoa ez ezik, informazio aldetik ere galera handia emango dela kanpainan, hainbat alderdiren mezu eta proposamenak isilaraziko dituztelako, eta pluraltasun informatiboa mugatzearen faktura hori alderdi txikienek ordaindu beharko dugu.


viernes, 13 de septiembre de 2019


Has dadila funtzioa!

Funtziotako Gobernua ari da jardunean Estatu espainiarrean baina, egoera politikoa ikusita, zirkuko funtzioa ematen du behin baino gehiagotan, batzuen eta besteen adierazpenak eta jarrerak ikusita. ‘Has dadila funtzioa!’ oihukatu ohi du ikuskizunaren gidariak pista biribil-biribilaren erditik, baina Estatuan funtzioa aspaldi hasita dago; izan ere, etengabeko emanaldian dago, kanpaina batetik hurrengora akrobatak trapeziotik trapeziora jauzi egiten duen bezala.

Ikuskizuna batez ere komunikabideetan ematen ari den arren, aintzat hartzeko bezalako edozein zirkutan legez, bi pista nagusi daude hau gauzatzeko: Kongresua eta Senatua. Gurean, Goi Ganberan, gure lehen eta azken osoko bilkura izan ahal dena eduki dugun asteon, nahiz eta medioetan gure jardunaren berri handirik ez den eman. Komunikabideetan gure berri izan bada, Senatuko presidenteak idatzitako liburu batean plagioa egin omen duela jakinarazi duten albisteengatik izan da. Nola kritikatuko ditut medioak horrela jokatzeagatik oposizioaren eskubi aldean dauden alderdi politikoetako ordezkariek ere gai bera erabili badute hemizikloan Gobernuaren kontrako argudio nagusi moduan!

Dena dela, foko guztiak pista nagusira, Kongresura begira daude, batez ere Sanchezek eta Iglesiasek zer egiten duten aztertzen. Ez dut uste hauek ilusionista onek egiten duten antzera despistatzeko adierazpenak egiten ari direnik azken unean txisteratik untxi bat atera eta inbestidura gauzatzeko; zeharo harrituko nintzateke!

Eta horretan gaudela, Albert Riverak bilera eskatu dio Sanchezi 155. artikulua beste behin aplikatzeko; zein gobernu esku hartu nahiko du Ciudadanosekoak, Kataluniakoa ala Espainiakoa? Jarrai dezala funtzioak! The show must go on!



viernes, 6 de septiembre de 2019


Senatua, biltoki
Orain dela egun gutxi, Manuel Cruzek, Senatuko Presidenteak, Goi Ganberan lortu nahiko lituzkeen hobekuntzak jakinarazi ditu iritzi artikulu baten bitartez. Asmo onak, ideia onak… baita borondate ona, seguruenik. Baina errealitateak beste “argazki” bat azaltzen digu.
Apirilaren 28tik Senatuko Osoko Bilkura behin baino ez da bildu, formalki egin beharreko bileran. Datu hauekin, Presidenteak ulertu behar du bere asmoen gainetik “errealitatea” beste bat dela.
Senatuaren benetako erreforma nahi bada, egin beharreko lehen gauza, nere ustez, Estatu espainiarrean errealitatea desberdinak daudela onartzea da, eta beste trataera bat behar dutela; Euskadik eta Kataluniak beste errealitate bat dutela eta Senatuak erantzun bat eskaini behar diela.
Hori ikusten ez den bitartean, diskurtsoak eta debateak hobeak edo txarragoak izango dira, baina Senatuak ez dio erantzungo bere jatorrizko helburuari.