domingo, 3 de diciembre de 2017

Ulertu ez ala ulertu nahi ez?
Asteko kronika sentimendu batekin adierazi beharko banu, hori kezka izango litzateke. Nik nabaritu dudan kezka eta alderdi politiko desberdinetako beste senatari batzuek ere helarazi didatena, hain zuzen ere Kataluniako prozesuaren ostean euskaldunekiko eta kataluniarrekiko bortizkeria gehitu dela igartzen dugulako. Bernardo Atxaga datorkit burura, orain dela hainbat urte elkarrizketa batean zera esaten zuenean: “Ez goaz argirantz, ilunak bultzatzen gaitu”.
Testuinguru horretan, Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoaren gaiak hautsak harrotu ditu. Foruetatik eratorritako Euskadiko finantzazio sistema ulertzen ez duten eta ulertu nahi ez dutenen arteko marra ez dago argi, baina benetan argi dagoena da oso erraza dela Kontzertu eta Kupoaren aurka egitea; antzinako estrategia dela norberaren akatsak ez onartzeko besteen aurka jotzea, umeek ere askotan egin ohi dute hori.
Kaltetuta sentitu omen diren erkidegoetako zenbait komunikabidek Estatuko Gobernuaren ahultasunari esker lortutako mesedetzat jo dute Moncloa eta Lakuaren arteko akordioa, batzuk ETAren ekintzei esker lortutako ordaina dela esaten ere ausartu dira; hango zenbait agintari ez dira hainbeste esatera heldu, baina pribilejioa eta abantaila dela bota dute zeharka, horretarako komeni zaizkien argudioak emanez eta haiek osotasunean ulertzeko beharrezkoak direnak ezkutatuz.
Ez ditut entzun Errioxako Ogasun Kontseilariaren kexak orain arte Euskadiko sozietateen gaineko zerga eurena baino altuagoa izan delako, edo Madrilgoa estatu osoko baxuena dela esanez. Ez dut Euskaditik kanpo inor protestaka antzeman Estatuko Gobernuak ez dizkiolako Eusko Jaurlaritzari oraindik ematen Gernikako Estatutuak jasotzen dituen hainbat transferentzia, nahiz eta Lege Organiko batean idatzita egon, gehiengo nahikoa duela baliatuta. Ez dut gogoratzen Galiziako presidentearen ardura 2009an erregimen komuna duten erkidegoen arteko finantzazioa onartu zenean Kupoa hamar urtez itxi gabe egon den bitartean, ezta Gasteiz eta Madrileko Gobernuko agintean sozialistak izan ziren sasoian ere. Jakin badakite egiten ari diren kritikak oso injustoak direla euskal gizartearekiko, azken finean, esaera zaharrak dioen moduan: egia egi, ogia ogi, bi eta bi lau.
Egun Jaurlaritzak, hamar urte pasa eta gero, lan handiarekin eta meritu handiz lortu duen akordioari egiten zaion kritika zorrotzenetako bat momentuarekin lotuta dago. Alegia, kritikatzen da ea nola itxi daitekeen Euskadirekin eta Euskadirentzat finantzazio akordio bat beste Autonomia Erkidegoen finantzaziorako adostasunik itxi gabe. Hau esaten dutenek badakite, edo jakin beharko lukete, bi sistema ezberdin direla; hau da, ez dute ulertzen edo ez dute ulertu nahi. Ez dakit zer den okerrago!
Orain arte gure sistema ez da eztabaidatu, eta momentu honetan Ciudadanos ari da polemika honi hauspoa ematen hauteskunde ikuspegi aldetik bere eltzea berotzeko mesedegarria zaiolako. Ciudadanosek ez du itxaropen handiegirik euskal gizartean eta euren helburuak ez daude gure gizartean; bitxikeri moduan, azkeneko udal hauteskundeetan Euskadi osoan bi zinegotzi atera zituen, eta handik gutxira, horietako batek bere kargua utzi zuen bere alderdiak Kupoarekiko zuen jarrera zela eta. Beraz, Albert Rivera eta bere kideak nortzuk diren azaldu beharrik ere ez dago, baina su horretara ezker abertzalea ere hurbilduko zenik ez genuen espero. Euskadiren aldeko interesen aurkako erasoak bata bestearen atzetik ematen ari direnean, EH Bilduk gure finantza sistemaren oinarriari babesik ez ematea erabaki du.
Aste honetan bertan, Senatuan duten ordezkariak Kontzertua nola tramitatu behar den eztabaidatu denean ere abstenitu egin da, kontrako botoa eman zuten Ciudadanos eta Compromiseko senatarien estrategiaren partaide bihurtuz. Hau da, tramitatzeko moduari ere ez dira kapaz izan babesa emateko. Ez dute ulertu edo ez dute ulertu nahi, eta ez zaie axola, EAJren aurka egitearren Euskadiren interes eta autogobernua arriskuan jartzen dutela. Euskadiren aurkako kanpaina bortitz bat dagoenean EH Bildu era horretara parte hartzeak ez du inongo zentzurik. Noraino joan daitezkeen alderdikeriak! Politikan iparra non dagoen eta zein norabide jarraitu nahi den garbi eduki behar dira. Alderdi Popularrak sentsibilitate gehiago azaldu du euskal finantzazioarekin eta euskal arazoekin EH Bilduk berak azaldu duena baino.
Ikusiko dugu gai honek zer ematen duen datozen egunetan, bien bitartean Katalunia gai nagusi izaten jarraitzen du beste aste betez. Hilabetea bete denean Senatuan 155. artikulua onartu eta Gobernu Kontseiluak hartutako erabakiak martxan jarri zirenetik, Rajoyren Exekutiboaren iritziz egoera berriz ere “normala” da. Normala da, antza denez, gizarteak 2015ean bozkatutako legebiltzarra suntsituta egotea eta Katalunian erreferente diren hainbat politikari kartzelan edo epaitegiz epaitegi ikusi behar izatea.
Guztiz ezohikoa eta berezia den egoera honetan, Espainiako Gobernuak bere azalpenak emango ditu astelehenean Senatuan 155. artikuluaren aplikaziorako sortu den Batzordean. Katalunia bizitzen ari den egoera larri honetan agerraldia iragarri duena Estatu idazkaria izateak, Soraya Saenz de Santamaria presidente ordea izan beharrean, argi adierazten du PP eta PSOEren lehentasunak non dauden; Katalunian ez, behintzat. Denbora pasa ahala ñabardurak galdu egiten ohi dira, baina ez dugu ahaztu behar Rajoyren Gobernuak 155. artikulua martxan jartzea erabaki zuela inoiz eman ez zen independentzia adierazpena onartutzat eman zuelako. Hau da, horrela ulertu zuelako edo horrela ulertu nahi izan zuelako.
Horiek horrela, denborarekin politikaren egiteko moduak aldatzen ari dira. Egun politika ez da ikusten duela 20 urte egiten zen moduan: gizarteak gehiago eskatzen eta exijitzen digu, baita proposatu ere. Horregatik, etorkizunari begira, txikiak garen herrialdeak aurrera begiratzeko estrategia garbi bat eduki behar dugu, baina horretarako iraganaren hausnarketa egin beharrean gaude; partekatu beharrean gaude etorkizuna ondo diseinatu ahal izateko. Arrisku globalen artean bizi den gizartearen antolaketaren nondik norakoen inguruan erreflexionatu beharra dugu.
Ildo horretatik, eredugarria da, adibidez, aste honetan Europar Batasuneko legebiltzarkideak batzartzeko gune izan dugun Estonia. Interesgarria izan da Batasunaren etorkizunari buruzko jardunean herritarrekiko izaten dugun urruntasunaz izan dugun hausnarketa prozesua, baina, nire ikuspuntutik, neguan hain argi ordu gutxirekin bizitzeko kemena duen herri txiki hau izan da interesgarria; bi hizkuntza nagusirekin bizi eta Euskadik dituen biztanle kopuruaren erdiarekin, sei hilabeteotan Europar Batasuneko presidentzia izango du herrialde honek. Independentzia eskuratu zuenetik urte gutxi igaro diren arren, Estatu honek erakutsi du posible dela 1,4 milioi biztanlerekin Batasunaren barruan kalitate handiz bizitzea. Bertako presidentea entzuteko aukera izan genuen, Kersti Kaljulaid; oso Europazalea eta bere herriaren konfiantza osoa duen emakumea.

Alderantziz, aste honetan, Espainiak oraindik lan asko egiteko duela erakutsi digu. PP eta PSOEren artean ez dira ados jartzen Konstituzioaren aldaketa nondik nora joan behar duen. Abiapuntu eskasa, benetan! Baina etorkizuneko ikuspegia are eskasagoa da eta zer egiteko handirik ez dute izango batzuek eta besteek esku artean daukaten arazoa ulertzen edo ulertu nahi ez duten bitartean. Esan bezala, gizartearen jokatzeko moduak aldatzen ari dira; mundu global honetan, bere beharrak beste era batetara azaldu nahi ditu; demokraziaren funtsa gizartea da, eta gizartearen nahia errespetatzen ez den bitartean ez PPk ez PSOEk ez dute erreforma egoki bat egingo, erreforma garrantzitsuena gizartearen eskuetan dagoelako.
Nire iritzi artikulua, gaur Deian.

No hay comentarios:

Publicar un comentario