viernes, 21 de junio de 2019

Gordiar korapiloa askatuz
Udal eta Autonomi hauteskundeak Gorte Nagusietako hauteskundeak baino hilabete geroago egiteak fronte ugari utzi ditu zabalik gehiengo osorik ez dagoen garai honetan, egoera nahasia sortuz. Aurreko asteetan eta, batez ere, joan den asteburuan Udalak eta, gure inguruan, Nafarroako Legebiltzarreko Mahaia osatu ostean, gordiar korapiloa apurka-apurka askatzen hasi dela esan dezakegu.
Greziako legendaren arabera, Frigiako erregea nor izan behar zen jakiteko, bere gurdian bele batekin batera Ekialdeko Atetik sartzen zen lehenak tronua eskuratuko zuela esan omen zuen orakuluak. Baldintza horiek Gordias izeneko nekazariak bete omen zituen eta honek, behin errege izendatuta, gurdia Zeus Jainkoari eskaini zion, uztarria eta lantza bertan soka batekin lotuz, haren muturrak ezkutuan utziz. Inork ez omen zuen berau askatzeko gaitasunik izan, Alejandro Magnok ezpatarekin moztu zuen arte.
Estatuan zenbait alderdi politikok egun bizi dugun egoera nahasiaren korapiloa askatzeko sokaren muturrak ezkutatzen dituzte behin eta berriz, bete ezinak diren baldintzak eta betoak jarriz. Espero dezagun inork ezpatarik atera behar ez izatea soka modu bortitzean mozteko eta ea guztion artean, politikak berezkoa izan beharko lukeen elkarrizketa eta akordioaren bitartez, korapiloa askatzeko modua dugun.

No hay comentarios:

Publicar un comentario