Tartekoak eta
bitartekoak
Normaltasun berrian
sartu gara gaur Euskadin. Oximoronetik oso gertu dagoela iruditzen zait termino
hau, kontraesankorra egiten zaidalako normala iruditzen ez zaiguna normala izan
behar izatea. Azken batean, gaur, Erkidegoa bere eskumen guztien jabe egin da
berriz eta alarma egoeraren harira ezarritako ezohiko neurriak indargabetu egin
dira; hori bai, gure osasuna mantentzeko garrantzitsuak diren zenbait neurri
hartzen jarraitu beharko dugu. Horretan datza normaltasun berria.
Ia ehun egun
hauetan bizi izan ditugun gertaerak gestionatzea zaila izan da, are gehiago
Gobernu ardurak izan dituzten agintarientzat. Gure belaunaldiak bizi izan duen
osasun egoera larrienaren aurrean, ordea, oposizioan izan direnak nahiago izan
dute, ikaragarrizko erronka honen aurrean laguntzea baino, krisialdia
bitartekotzat hartu eta trabak jarri gobernu horiek ahultzen ahalegintzeko.
Gure artean ere ez
da falta izan horrelakorik. PP-C’s batuketaren buru den Carlos Iturgaitzek
esaldi argigarri bat utzi du aste honetan: “Euskadiko hauteskundeak Sanchez eta
Iglesias Moncloatik ateratzeko tarteko helmuga” izatea espero duela. Honekin,
nabarmen erakusten du bere jomuga bakarra Madril dela: bai abiapuntu bezala,
estrategia han erabakitzen delako, eta bai helmuga bakar bezala, helburu
bakarra Moncloa, Estatua, delako. Euskaldunon interesak “tartekoak” dira; hau
da, euskaldunak bere bitartekoak baino ez gara.
Eta Iturgaitzek
‘Euskal Bizikleta’ ‘Espainiako Itzulia’ prestatzeko erabiltzen duen bitartean,
EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren gurpilean makilak sartzen jarraitzen du. Zaldibarreko
ezbeharra inguruko biztanleen artean kezka zabaltzeko eta Koronabirusa, besteak
beste, herritarren bozka bitarteko hitza isilarazteko erabili eta gero, orain
euskaldunon mesederako izango diren hiru transferentzia egiteko ekainaren 25ean
batzartuko den Transferentzien Batzorde Mistoa bertan behera gera dadila eskatu
dute, erabilera elektorala egiten omen dela salatuz. Hau da, alderdikeria
herritarren interesen gainetik: herritarrak bitarteko bezala. Zenbait
egoeratan, betiko normaltasunean jarraitzen dugu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario