miércoles, 16 de noviembre de 2016




Argiak eta itzalak, Austrian
Gaur Austriako Vordernberg herrian dagoen etorkinentzako atxiloketa zentroa bisitatzeko aukera izan dugu tortura saihesteko helburu duen APT elkartearen eskutik (Association for the Prevention of Torture). Europako Kontseiluko etorkin eta errefuxiatuen batzordeko hainbat kide izan gara bertan eta itxura ona hartu diogu.
Egia esan, eraikina berri-berria da, 2014an jarri baitzen martxan bere osotasunean, eta oso garbi dago. Den-dena bisitatzeko aukera izan dugu: logelak, isolamendu gelak (non gehienez hiru egunetan giltzapetu ahal dituzten), otoitzerako aretoa, liburutegia eta bestelako instalazio guztiak. Gelak oso baldintza onetan daude, 200 pertsonentzako tokia du eta gaur egun 73 lagun daude bertan; 69 gizonezko eta lau emakumezko. 
Isolamendu gela
Otoitz gela
 



Ebaluazio txostena egin dugularik, etorkin zein zentroko langileekin hitz egiteko aukera ere izan dugu. Benetan itxura ona hartu diogula.
Austriako Legebiltzarra
Austriako bisitan, dena dela, ez da guztia ona izan. Guzti honen kontrapuntu moduan, hauteskunde presidentzialek sortu duten egoera nahasia hurbiletik nabaritzeko aukera izan dugu.
Alde batetik, sozialdemokratak eta demokrata-kristauak lehen itzulian geratu ziren kanpoan; hain zuzen ere momentu honetan Gobernua osatzen duten bi alderdiak. Azken 50 urteotan lehen aldia da SPÖ eta ÖVP alderdiak presidentziarako lasterketatik kanpo geratzen direla; lehen aldia da presidentziarako hautagai bietako bat ere ez dela Gobernuko Alderdietako kide.
Eta zein da benetako kezka? Estatu Batuetan gertatu den moduan, populismoa garaile ateratzea. Austria Europako lehen herrialdea da non eskuin muturreko populismoa azaldu zena eta Norbert Hofer FPÖ alderdi ultraeskuindarreko hautagaiak lortu zituen bozka gehien apirileko lehen itzuli horretan, bigarren itzulirako Alexander Van der Bellen, Berdeek babesten duen independentea etsai duelarik.















Bigarren itzulia maiatzean egin zen, eta ekologistak, botoen %50,35arekin, ultraeskuindarren aurretik geratu ziren arren (%49,65), posta bidezko botoetan irregulartasunak izen omen zirenez, Auzitegi Konstituzionalak hauteskundeetako bozketa errepikatzea erabaki zuen. Hau urrian egitekotan ziren, baina erabili behar zituzten materialekin arazoak egon zirela eta, azkenean abenduan gauzatuko dira.
Laster erabakiko da, beraz, Austriaren egoera; epe motzean ikusiko dugu azken urteotan hainbat politika sozialetan egin duten lanak jarraipena izango duen ala ez.

Argazkiak: Jokin Bildarratz


No hay comentarios:

Publicar un comentario