jueves, 24 de noviembre de 2016


Urkullu, lehendakari
Askotan, pertsona ezagutzeko ez da askorik behar; keinu txikiak, hitz batzuk, nahikoak dira gizon edo emakume bat fidatzekoa den ala ez jakiteko. Lehendakaria aspalditik ezagutzen dut, eta kargurako aukeratu ostean egin dituen lehen keinuak bere izateko eraren isla izan dira.
Lehenik, bozeramaile guztiak agurtu ditu; gogoan dut nola Rajoy, Estatuko Gobernuko presidente aukeratu zutenean, bere eserlekuan geratu zen bozeramaileak berarengana joan zitezen. Lehendakaria ez; bera joan da haiengana.
Bere lehen hitzak gizarteari eskaini dizkio, “apal-apalik”. Izan ere, gure Lehendakaria horrelakoa da: apala. Eskerrak ere banatu ditu, talde politikoei, gure Alderdiari eta, noski, bere familiari. Momentu gozoa izan da lehendakariarentzat; bestelakoak ere tokatu zaizkio.
“Apal-apalik”, “akordioa”, “anitza”, “ekarpena”, “programa bete”, “ekin lanean”, “auzolana”, “elkarlana”… Horiexek aipatu ditu bere lehen hitzen artean. Hauek dira gure Lehendakariaren baloreak.
Pleno honetatik bi gauza nabarmenduko nituzke: Alde batetik, talde politiko guztiek eskua luzatu dietela besteei. Gobernuak ez dauka gehiengo osorik, beraz, era batera edo bestera, akordioak gauzatu beharko dira. Ekonomi arloan zein gizarte arloan aurrera joko dute; dinamika on bat hartuta dago eta gobernu programa definituta dago.
Bestalde, autogobenuaren inguruan lan sakona eta zaila izango dute aurrera begira. Gizartea oso anitza da eta adostasun/aniztasun joko horretan legebiltzarkideek euren trebezia erakutsi beharko dute. Demokrazia/Legitimitate/Legalitate printzipioetan adostasunak bilatu behar dira.
Bizikidetzaren gaiak asko baldintzatzen du. ETAk hiltzeari utzi dio, baina Ezker Abertzaleak bere benetako asmoak azaldu beharko ditu eta bere barnean zein jarrera lehenesten den ere argitu beharko du. Bizikidetzari buruz, Pili Zabalak egin dezakeen lanaren inguruan konfiantza dut; ez hainbeste Podemosengan, Pilik duen sentsibilitatearengan baizik.
Alderdi Popularrak zein politika gauzatu nahi duen ere ez dakigu; azkeneko urteetan indefinizioan murgilduta ibili eta gero, Madrilen indarra galtzen ari da Euskadiko adarra. Urtetik urtera, emaitza txarren ondorioz, Genovan pisua galtzen ari dira. Foruen defentsan azaltzen ari dira, eta ondo dago. Foruak bai, baina nazio forala ez. Alderdi Popularrak Euskadik duen nortasuna onartzen ez duen bitartean ez du erraz izango aurrera egitea.
Azken hausnarketa moduan, ideia batzuk laburbilduko ditut: Konfiantza handia duen Lehendakaria dugu; EH Bilduk bere barnean argitu behar du etorkizuneko estrategia, nahiz eta lasaiago dagoen Podemosen indarra neurtu ostean; Podemosek bere ahuleziak azaldu ditu; Alderdi Popularrak Euskadi ulertu behar du.
Lau urte ditugu korapiloak askatzeko. Momentuz, badago zer txalotu: Talde politikoek akordiorako azaldu duten jarrera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario