viernes, 18 de octubre de 2019

Demokraziaren tresnak
Alderdi Sozialistaren Gobernuaren arabera, eskuin muturreko zaleek, neonaziek, Katalunian eragin dituzten kalteak eta erasoak independentziaren aldeko herritarrek egindako protesta ekintzen ondorioa omen dira. Horrela esan du euren bozeramailea den Isabel Celaák.
Lehenik eta behin, kondenatu egin behar dira Procés delako epaiaren aurkako iritzia azaltzeko modu bortitzak erabili dituzten guztiak. Argi eta garbi. Hori bai, banatu egin behar dira sekula gertatu behar ez ziren ekintza horiek eta epai horren aurkako aldarrikapenak egiten dituztenen protesta zilegia.
Celáa entzunez gero, ematen du arazoen sortzaileak beti izaten direla edo independentistak, orain bezala, edo nazionalistak edo autodeterminazioa aldarrikatzen dutenak... Gogoratu beharko luke bozeramaileak “Estatu Demokratikoaren Tresnek” Herri baten ahotsa isilarazi zutela 2006an Kataluniako Parlament-ak onartu, Estatuko Kongresu eta Senatuak berretsi eta kataluniar herriak galdeketan onetsitako Estatut-a Auzitegi Konstituzionalera eraman eta, Guerra sozialistak esan zuen moduan, “zepillatu” zutenean.
Gogoratu beharko luke, baita ere, PSOEk, PPk, Ciudadanosek eta, jakina, Voxek ere arazo politiko hau konpontzeko ematen dituzten irtenbideak epaileak, polizia eta militarrak dituztela protagonista moduan, eta ez politikoak. Hitz egiteko biltzen direnean ados daudenen artean hitz egin eta euren jokabidea sendo mantentzeko baino ez da, ez desberdin pentsatzen dutenekin. Beste alde batetik, komunikabide gehienetan aritzen diren iritzi emaile ia guztiak zabaltzen ari diren mezuak ere ez dira, hain zuzen ere, elkarrizketa eta akordioaren aldekoak; eta zenbait kasutan ‘gasolinari sua’ botatzen aritzen dira behin eta berriz.
Eskuin muturreko zaleak beti egon dira hor; eroso, “Estatu Demokratikoaren Tresnek” euren Estatuaren eredua “lotuta eta ondo lotuta” izan duten bitartean. Hori bai, “erantzun” egiten dute inork herriaren hitza entzun eta horri bide politikoa emateko ahalegina egiten duenean; hain zuzen ere Demokraziaren tresnak erabiltzen direnean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario