Aldaketa
Aldaketa hasia omen da. Joan den igandeko hauteskundeen ostean, bigarren
indar politikoak ikaragarrizko pozez ospatu zituen lortutako emaitzak. Aurreko
deialdiarekin alderatuz, botoen eta ordezkarien igoera lortu izanak
“aldaketaren hasiera” iragartzen omen du.
Matematikak egoskorrak direla jakinik, datuek EH Bilduk 2016an lortu zituen
datuen igoera hori erakusten dutela
onartu behar da. Horrek aldaketaren hasiera esan nahi du? Beraiek erabilitako
esaldiaren mezuak, argazki finko bat baino, joera bat aditzera ematen du.
Horregatik, joerak neurtzeko bilakaera bat behar delako, ez litzateke gaizki
egongo lau urte atzerago egitea eta 2012ko hauteskundeetan jasotako datuak ere
aztertzea.
Eta, hara! Lehen begiradan ikusten duguna da EH Bilduk ospakizun handiz
eskuratu berri dituen eserleku berberak zituela duela zortzi urte: hogeita bat.
Eta EAJk? Hogeita zazpi eskuratu zituen; hau da, gaur egun orduan baino lau
ordezkari gehiago ditugu Legebiltzarrean. Boto kopuruan, izandako igoera
azpimarratu zuten behin eta berriz, baina gutxik aipatu dute orain
irabazitakoak bikoiztu egin beharko lituzketela 2012an lortu zituzten
kopuruetara heltzeko; dituzten 249.000 bototik duela zortzi urteko 277.000etara
heltzeko.
Eskolan ikasle nintzela “EAJko zaharrak hiltzen doazen heinean ezker
abertzalekoak nagusitzen joango gara” entzun nuen behin baino gehiagotan.
Tamalez, nik nahi baino urte gehiago igaro dira orduz geroztik baina, zorionez,
gaur da eguna EAJk berriz ere hauteskundeak argi eta garbi irabazi dituela.
Joera, beraz, ez da batzuek aditzera eman nahi dutena, baizik eta euskal
gizarteak askatasun osoz behin eta berriz erakusten duena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario