Azterketaren atarian
Nork ez du ezagutzen azterketa
baten atarian, ikasturtean zehar ikasi ez izanagatik, gau-pasa eginez edota txuletak prestatuz bere prestakuntza eza nola edo hala konpontzen saiatu den pertsonaren
bat?
Ideia hau ekarri dit gogora aste
honetan Senatuan Nerea Ahedo taldekideak egindako hitzaldiak. PPk osasunerako
Estatu Itun bat egitea eskatu du, nonbait COVID-19ak eragindako egoerak
beharrizan hori sortu omen duelako. Berau Kongresuan martxan dagoen Berreraikuntzarako
Batzordean 10 eguneko eztabaidaren osteko ondorioetan oinarrituko dela iragarri
dute. “Hamar egun Espainia berreraikitzeko!”, barre egin zien Nereak.
Egia da pandemia hau gestionatzea
ez dela erraza izan inongo gobernu edo agintarirentzat, baina onartu beharra
dago erantzuna eta eragina desberdinak izan direla tokien arabera. Izan ere,
honi erantzun egokia emateko ez da nahikoa 10 eguneko hausnarketa, ezta hiru
hilabeteko gestioa; azken hamar urte edo hamarkadatan zehar egiten den
antolaketa batean oinarritzen da, Euskadin egin den bezala. Inork espero ez
zuen tamainako osasun larrialdiari eman beharreko erantzuna ez da egun batetik
bestera antolatzen den zerbait.
Eta orain, ikasgelakoen notaren
batez bestekoa txarra izan denean, soluzio azkar eta orokorrak bilatzen hasiak
dira, ikasle bikain, erdipurdiko zein txuletadunak zaku berean sartuz. Osasun
arloan urteetan zehar inbertsio handiak egin dituztenak, horretan hainbeste
gastatu ez dutenak zein pribatizazioaren aldeko hautua egindakoak maila berean
jarri eta, adibidez, Europatik etorritako diru laguntza bereziak banatzerako
irizpideak markatzerakoan populazioaren arabera edota hildakoen kopuruaren
arabera egiteko eskatzen dute, edota Autonomia Erkidegoen esku dauden osasun
eskuduntzak birzentralizatzerako bidea hartzen dute.
Hauteskunde kanpainan gauden
honetan, asko izango dira, baita ere, euren programa eta hitzaldietan
uztailaren 12ko azterketa nola edo hala gainditzeko azken orduko burutazioa edo
txuleta aterako dutenak. Beste batzuk ibilbide akademiko errealista bezain
eraginkorra izaten jarraituko dugu. Osasun arloari dagokionez: ondo
funtzionatzen duen egitura sendotuz eta, horretarako, gure eskuduntzak kanpoko
erasoen aurka defendatuz. Etxeko lanak ondo eginda goaz azterketara.
No hay comentarios:
Publicar un comentario