lunes, 10 de octubre de 2016

Progresistak eta ‘progreak’
Politikan hainbat topiko tipiko agertu ohi da; tartean, demagogia kontzeptuarengandik gertu dauden hainbat termino ere, eta politikagintzan askotan erabiltzeko ohitura dagoena. Gaurkoan, progresismo terminoa jarriko dut aztergai.
Aurreko astean, hauteskunde osteko alderdi politikoen arteko errondaren testuinguruan, Eduardo Maura, Podemos  alderdiko arduradunetako batek erabili zuen  Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batetan. Hain zuzen ere, Legebiltzarreko organo gorena den Mahaiaren osaketaren inguruan, berau "progresista" izan dadin luzatu zuen deia.
Hitz borobil hori entzun eta gero, nire buruari galdetu nion: zer ote da progresista izatea? EAJ progresista ote da? Podemos progresista ote da?
Politika Zientzietako fakultatean erabilitako testu liburuak arakatu eta izandako debateak aztertu ostean balizko ondorio batetara ailegatu nintzen: progresismoa, giza edota gizartearen egoeraren hobekuntza eragiten duten politikak erabiltzea dela. Zenbat eta aurrerakoiagoa izan gizartearen egoeraren hobekuntzan, orduan eta politika progresistagoak dira; Gobernu bat izan edo alderdi politiko bat izan adjektibo horren merezigarri.
Beraz, Alderdi Politiko batzuei marketin edo komunikazio ikuspegi batetik "progresista" izatea gustukoa dute. Gutxienez, izenez, irudiz edo "postureoz". Hipotesi hori ontzat hartuta, suposatu beharra daukat Podemosek pentsatzen duela Estatu mailan osatuta dituen gobernuak "definizioz" dauden progresistenak direla, euren ikuspegitik behintzat. Eta Euskadiko hauteskundeetan "muturrekoa" edo ezustekoa jaso duenean ezin du ulertu jendeak bestelako iritzirik izan dezakeela; edo gizartearen iritziz beste alderdi politiko batzuk (EAJ, esate baterako) gutxienez beraiek bezain "progresistak" ere badirela; harrigarria bada ere.
Baina benetan zerbait harrigarria izan bada, legealdi berria antolatzeko helburuarekin alderdi politiko guztien arteko elkarrizketak hasi direnean, Podemos Legebiltzarreko Mahaiko postuez hitz egiten hastearena izan da denak zur eta lur utzi dituena.
Arestian nioen moduan, progresismoaren esanahia gobernuek aurrera eramaten dituzten politiketan datza, edo alderdi politikoek proposatzen dituzten politiketan datza. Baina hitzak hitzak dira; datuek hobeto azaltzen dute benetako egoera. Aztertu eta konpara dezagun:
Podemosentzat gobernu eredugarria izan daitekeen bat hartuko dugu adibide gisa eta Euskadiren egoerarekin konparatuko dugu. Alderdi ‘morearentzat’ Valentziako Autonomia Erkidegoa gestio adibide bat da; kultura politiko berri baten ardatzetako bat. Gizarte zerbitzuak Progresismo kontzeptuaren ardatzetako bat izanik, lehen galdera honakoa da: zenbat gastatzen du batak (Valentziak) eta zenbat gastatzen du besteak (Euskadik) arlo honetan?
Zerbitzu sozialetako garapen indizeen arabera, Euskadik 611 euro zuzendu zituen pertsonako 2015ean, Valentziako Erkidegoak 204 euro gastatu zituen bitartean. Datu enpiriko eta zehatz hori hartuta, zein da progresistagoa, Valentziako Gobernua edo Euskadikoa?
Gauza bera egin dezakegu osasun alorrean: 2015ean Euskadik 1.584,73 euro zuzendu zituen pertsona bakoitzeko eta Valentziak 1.102,86; hain zuzen ere, Euskal Autonomi Erkidegoak %30 inguru gehiago inbertitu zituela. Datu hori aztertuz, zein da zein baino progresistagoa? Eta hezkuntza arloan antzeko zerbait gertatzen da; beraz zein da zein baino progresistagoa?
Erkidego bakoitzak bere errealitate propioa du. Baina politikan hasi berria den pertsona zein talde politiko bati gutxienez hiru gauza eska dakizkioke: umiltasuna, errespetua eta lana.


No hay comentarios:

Publicar un comentario