jueves, 13 de octubre de 2016

Turkiaren inguruko eztabaida
Atsekabetu egin ninduen atzo Turkiako Kanpo Gaietarako ministroak Europako Kontseiluaren Parlamentuko Batzarrean egin zuen agerraldiak. Mevlüt Cavusoglu ministroak ateak zabalik utzi zizkion bere herrian heriotza zigorra ezartzeari; atxilotutako funtzionario guztiei terroristak direla leporatu zien, “euren funtzionario izaera lortzeko oposaketetako azterketen lapurrak”.
Europako Batasunak argitu behar du zer nolako harremana izan nahi duen joan den uztailaren 15ean Estatu Kolpe baten eraginez 241 pertsona hil ziren herrialde batekin eta gaur egun ere emergentzia egoera zorrotzean dagoena. Datu ofizialen arabera, 3.500 epaile eta fiskal baliogabetu dituzte, eta beste hainbeste egin dute 130.000 funtzionario eta langilerekin; 2.340 akademiko kaleratu dituzte, eta armadatik beste 3.500 inguru bota. Hezkuntzarekin lotura, mila erakunde eta 15 unibertsitate itxi dituzte.
Atzo bertan herrialde turkiarraren zenbait ordezkarirekin batzartzeko aukera izan nuen eta Recep Tayyip Erdogan presidenteak Bruselan zabalik zituzten telebista kateak itxi dizkietela jakinarazi zidaten. Ez da harritzekoa, datu ofizialen arabera estatu kolpearen ostean 23 irrati kate, 45 egunkari eta 29 editorial itxi dituzten herrian. Aipatutako ordezkariek orduz geroztik ehun kazetari baino gehiago atxilotu dituztela ere esan zidaten, “terroristak, ez periodistak”, Cavusoglu ministroak bere hitzaldian bota zuenaren arabera.
Mundu mailan kazetari gehien atxilotzen duen herrialdea omen da Turkia, horregatik ez nau harritu herritar hauen ahotik entzuteak Erdoganen Gobernuak ‘zerrenda beltzak’ osatu dituela eta bertan agertzen direnei ez zaizkiela nazioarte mailako hitzarmenak aplikatzen nahiz eta Giza Eskubideen Hitzarmenetan jasotzen diren baldintzak betetzen dituzten biktimak izan.
Europako Batasuna irmoa izan behar da Turkiarekin izan nahi duen harremanari dagokionez. Herrialdeak bizi duen egoeraren azterketa argia egin behar du eta egoera horri erantzun koherentea eman behar dio.
Uztailaren 15ean oposizioko alderdi politikoak Gobernuaren alde agertu ziren, baina harrez gero 18.000 atxiloketa baino gehiago gertatu dira. Zuzenbide Estatuak bidezko epaiketak egitera behartzen du; epaiketa zuzenak, justiziazkoak. Eta Gobernuak demokrazia eta nazioarteko legedia errespetatu eta errespetarazteko ardura eta obligazioa dauka. Baloreak gogoan izan beharra dago: Giza Eskubideen babesa, Zuzenbide Estatua eta Demokrazia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario