lunes, 19 de septiembre de 2016


Apaltasuna. Gertutasuna. Lana
Hauteskundeetako kanpainaren azkeneko astean sartu gara. Atzoko egunaren inguruan, azpimarragarria iruditu zitzaidan Estatuko medio askok inkestak publikatu izana. Euskal medioek hemengo botorako asmoa egiteaz gain, Estatu mailakoek bai Galiziako bai Euskadiko datuak publikatu izana, Madrilen dagoen kezkaren adierazgarri moduan uler daiteke.
Eta irailaren 25a eta gero zer gerta daiteke? Gauza handiegirik ez. Madrilen PP eta PSOE batera hartuta ia %63 baldin badira, hemen, Euskadin, hutsaren hurrengoan gera daitezke laster. Horrek zer hausnartu eman beharko lieke edo, gutxienez, hemengo pentsatzeko modua eta beraien pentsatzeko moduan ez datozela bat ikusi beharko lukete. Garbi dago.
Pentsaera, jarrera edota jokabideari helduta, politikan pertsonalki gehien asebete nauena alkatearen ardurarena izan da. Eta zergatik esaten dudan hau? Aurrekoan Urkullu Lehendakariak Irungo mitinean agertu zuen jokabideak ukitu egin ninduelako; alkate bat zirudien. Alegia, gertuko politiko batek izan behar dituen ezaugarriak adierazi zituen eta beraiekin erabat identifikatu nintzen.
Apaltasuna; politiko baten ezaugarri nagusienetako bat izan behar du apaltasunak, eta Urkullu Lehendakaria zerbait bada, apala da. Gertukoa; jendearengandik gertu dagoen eta jendearekin hitz egitea gustukoa duena izan behar du. Eta langilea, zer esanik ez! Urkullu Lehendakaria herriz-herri ibili da, alkate bat bere berrian atez-ate dabilen moduan; Euskadiko alkatea.
Inkestak ezagutu ditugu; jendearen iritzia nondik nora dabilen ideia bat egiteko modua badugu baina, aspaldiko egia izan arren, benetako inkesta igandean izango dugula gogoratu beharra dago. Kezka handiak ditut; egia da EAJ oso indartsu azaldu dela, baina bai Podemosek zein Ezker Abertzaleak Gobernutik kanpo nahi gaituzte. EAJren emaitza Podemos eta Ezker Abertzalearen batura baino gehiagokoa izango ote da? Hor izango dugu benetako emaitza.


No hay comentarios:

Publicar un comentario