viernes, 9 de septiembre de 2016


Bat, bi, hiru… Kanpaina martxan da!
Bart, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina hasi zen. Horrek hainbat hausnarketa dakarzkit burura.
Lehenik eta behin, gizarteari azaldu behar zaiola pasatako lau urte zail hauetan egin duguna, eta beste alde batetik, nola ez, gure etorkizunerako egitasmoak zeintzuk diren. Ez dira urte errazak izan, baina datu objektiboak aztertuz gero, bertan ikusten ditugun datuak onak dira: giza garapenaren arloan mundu mailako zortzigarren posturik onenean gara; ikasketetan ematen diren porrotei dagokionez, Estatu mailako emaitza onenak ditugu (% 9,7) Espainiako batez bestekoa bikoitza izanik (%20) eta Europakoa ere altuagoa denean (%11); eta biztanle bakoitzeko errenta %30ekoa da, Europako eta Estatuko (%19) batez bestekoa baino hobea.
Jendea asko sufritzen ari da, baina Euskadik, zentzu honetan, bere jendea zaindu egiten du. Adibide argigarriena da Euskadik eskaini duela Estatu osoan RGI delakoan gastatu denaren %40. Datuaren dimentsioa ondo antzemateko: Estatu osoaren biztanleriaren %5 soilik izan arren, diru sarrerak bermatzeko errentarako Espainian zuzendu diren hamar eurotik lau Euskal Autonomia Erkidegoak eman ditu.
Bestalde, hurrengo lau urteetarako jarri ditugun hainbat helbururen artean azpimarragarriena enplegurako ezarri duguna da nire ikuspuntutik; hain zuzen ere, langabezia %10etik behera jaisteko erakutsitako asmoa.
Bigarren hausnarketa hauteskunde kanpainaren atarian ezagutu ditugun boto intentzioa neurtzeko datuak sortu didate. Guztietatik gehien harritu nauena Madrilen osatzeko giltza diren bi alderdien arteko batuketa (Alderdi Popularra eta Alderdi Sozialista) Euskadin ez dela ordezkarien laurdenera ere ailegatzen, nahiz eta Madrilgo Kongresuan %60a baino gehiago osatu. Beraz, bi alderdi hauek ikusi beharko lukete hemen duten errealitatea edo Andaluzian dutena ez dela berdina. Hala eta guztiz ere, Alderdi Sozialistaren egoera oraindik latzagoa da. Inkestak baino ez dira, baina harritu egin nau ikusitakoak.
Hirugarren hausnarketa boluntarioek duten lanerako gaitasunaren inguruan egin dut. Atzo hauteskundeetako kanpainaren makinaria martxan jarri zen, baina horretarako ehunka boluntarioren nahia, gogoa eta ilusioa behar da eta benetan goraipatzekoa da egiten dutena. Mila esker guztiei eta abiatu berri den kanpaina hau eginkizun horretan joan dadila: gizarteari gure egitasmoak helaraztea.


No hay comentarios:

Publicar un comentario