miércoles, 14 de septiembre de 2016


Ustelkeriaren bi aurpegiak
Atzo goizean, Cuencako geltokira ailegatu zenean, trenetik jaitsi zen Rita Barbera. Auto baten eraginez jaitsi zen. Ez zen izan istripurik izan zuelako, ezta Madrilera errepidetik ailegatzeko asmoa izan zuelako, ez. Autoa Auzitegi Gorenak igorri zuen Barberak Valentziako alkate moduan egindako zenbait jarduera ikertuko zuela iragarriz. Horren berri jaso bezain laster jaitsi zen trenetik eta bere etxera bueltatu zen, Senatuan zain zituen kazetariengandik ihes.
Alderdi Popularreko hainbat zinegotzi eta aholkularik bezala, Barberak 1.000 euroko donazioa egin omen zion alderdiari eta, nonbait, alderdikide eskuzabal guzti horiei 500 euroko billete bi itzultzen omen zitzaizkienez, instrukzio epaileak bera ere ikertzeko motiboak ikusi ditu, ezer larririk balego aztertzeko.
Egiari zor, Auzitegi Gorenak ikerketa bat zabaltzea besterik ez du erabaki. Oraingoz ez dago inputaziorik eta, beraz, Rita Barberak bere defentsarako eskubidea duela adierazi behar da behin eta berriro. Baina, behin hori esanda, bi gauza hartu behar ditugu kontuan:
Lehenengoa, Alderdi Popularra oso bakarti dagoela azkeneko hilabeteotan. Orain, komenientziaz, Ciudadanos gerturatu zaiola kenduta, azken urte hauetan oso bakarrik egon da, batez ere gainontzeko alderdiekin harreman txarra izan duelako, ez duelako haiekin elkarrizketa bilatu ere egin. Honek egoera zailean utzi du hauteskundeen ostean.
Bigarrena, ustelkeriarekin duten arazo larria da. Ez da egunik pasatzen zeinetan ez zaion kasu larriren bat azaltzen Alderdi Popularrari. Atzo Rita Barberari tokatu zitzaion; aurreko astean, Jose Manuel Soria ministro ohiarekin borrokatu behar izan zuten; eta bihar… auskalo!
Azkeneko hilabeteetan ustelkeriaren kontrako lege bat edo beste onartu da Alderdi Popularrak bultzatuta, bai. Hau ez dago sobera, baina ez da nahikoa. Jarrera kontua da, eta Alderdi Popularra ez da sinesgarria. Jendeak ez du inongo konfiantzarik Alderdi Popularrak ustelkeriaren aurka egin dezakeenarekin. Eta, une hauetan, gobernatu nahi duen alderdi batek sinesgarritasunik ez badu, eta gainera bakar-bakarrik badago, arazo handia du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario