viernes, 16 de septiembre de 2016

Non bihotza, han burua
Atzo Euskal Telebistako bigarren katean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako alderdi nagusien hautagaien artean egin zen debatearen inguruko hainbat iritzi entzun dut gaurkoan. Nik ere jarraitu nuen, jakina, eta gehien harritu ninduena PSE-EEren jarrera izan zen; analisi politiko hotz batetik aztertuta, ulertezina egiten zait. Alderdi Sozialista egiten ari den kanpaina oso arraroa da: alde batetik, orain arte egin duena ukatzen ari da, eta bestalde, euskaldunentzat oso sentiberak diren gaiak xaxatzen ari da. Euskararen gaia, esaterako.
Argi dago euskararen inguruan eztabaida asko plazaratu daitekeela; hausnarketa asko. Dena dela, ez dut uste hauteskunde kanpaina horretarako momentu onena denik. Hain zuzen ere, gure hizkuntza norgehiagoka elektoraletik kanpo mantentzeko sortu zen Euskararen Aholku Batzordea, non Alderdi Sozialistak ere parte hartzen duen bere iritziak emanez. Behin hori esanda, nik ere bi galdera egingo nizkieke sozialistei: nik, euskaldun bezala, nire hizkuntza erabiltzeko zein gaztelera erabiltzeko eskubide eta aukera berdina al dut? Administrazioan, epaitegietan… euskararen presentzia gaztelaniaren adinekoa al da? Erantzuna aurreikusiz, ondorioa argia da: Alderdi Sozialista, boto gutxi batzuk lortzearren, ahulenaren aurka egiten ari da; kasu honetan euskararen kontra.
PSE-EEk behingoz jakin beharra dauka zer izan nahi duen heldua egiten denean. 2009an Alderdi Popularrarekin “lotsaren akordioa” sinatu zuen. EAJ Gobernutik botatzeagatik edozein gauza egiteko prest zegoela erakutsi zuen, baita PPrekin adostasunera ailegatzea ere. Jendeak inoiz ez zuen ulertu zergatik egin ote zuen horrelako operazio bat Patxi Lopez lehendakari moduan jartzeko, inoiz ez duenean bere burua ikusi horrelako ardura baten pean.
Alderdi Popularrak berak ere ez dauka paper erraza hauteskunde hauetan; Alfonso Alonsorentzat trantze ederra da lehendakarigai bezala aurkeztu behar izatea! Nabaria da bere burua ez dagoela hemen; Madrilen dagoela. Eta bere itxaropenak ez daudela hemen, han baizik. Bera diputatua izan da Madrilgo Kongresuan. Zenbatetan bozkatu behar izan du euskal interesen aurka? Zenbatetan bozkatu behar izan du arabarren interesen aurka? Egun batean bai eta hurrengoan ere bai. Zergatik? Bere helburua ez dagoelako hemen, bere interesak ez daudelako hemen; Madrilgo Gobernuan daudelako. Osasun Ministro izan denean, zergatik ez du Dependentzi Legea bete? Zergatik bere ministerioak ez ditu aurrera eraman zituen betebeharrak? Hemen ere, uste dut erantzuna garbi dagoela.
Asteburua gainean dugu eta, ohikoa den legez, hauteskundeetako emaitzen inguruko inkesten datu gehiago ezagutuko ditugu; orain arte argitaratutakoek EAJk herritarren babesa izaten jarraituko duela adierazi dute, baina ez dugu ahaztu behar benetako datuak irailaren 25ean, gaueko 22:00etan ezagutuko ditugula. Ordura arte, lana egin beharra dago, eta ordutik aurrera, are gehiago; Euskadiren alde eta euskaldunen alde. Langabezia jaitsi, ekonomia suspertu, autogobernuan sakondu eta elkarbizitza jorratu; horiek dira gure asmoak, horiek dira gure helburuak.


No hay comentarios:

Publicar un comentario