viernes, 23 de septiembre de 2016


Hiru, bi, bat… Kanpaina amaitzera doa!
Duela hamabost egun eman genion hasiera hauteskunde kanpainari, eta dagoeneko amaiera jartzea egokitzen da.  Ohikoa den legez, denen proposamenak eta salaketak entzuteko aukera izan dugu; batzuk zentzuzkoak, beste batzuk ez hainbeste eta, tartean, Euskadirekin eta gure beharrizan eta aldarrikapenekin zerikusirik ere ez dutenak.
Azken honetan txapeldun izan direnak Estatu mailako lau alderdi politikoetako ordezkari nagusiak izan dira. Guztira hamahiru aldiz izan dira bisitan gurean: sei bider Rivera; hiruna aldiz, Sanchez eta Rajoy; eta Iglesias, behin. Errejonen bi agerraldiak gehituz gero, hamabosteraino igo daiteke marka. Eta marka da, baita ere, Euskadi eta euskaldunokiko erakutsi duten arreta maila txikia; izan ere, bakoitzak bere alderdiko barne arazoak, eztabaidak edota Madrilgo gobernua osatzeko batzuek besteei jarritako trabak baino ez dituzte izan mintzagai.
Politika egiteko modua aldatzera etorri omen den Elkarrekin Podemosek Iglesias eta Errejonen parte hartzea izan dute Euskadin, euren ekimenei distira emateko. Badaezpada, ordea, ez dituzte batera agertu, “elkarrekin ezin dugu” pentsatuko balute bezala. Horrela, euren arteko tirabirak, Madrilgo hautagaitzaren inguruan dituzten eztabaidak… azaleratu dituzte. Eta Euskadiri buruz zer? Ezer ez, eta egin dutenean, EAJ-PNV Jaurlaritzatik kentzea baino ez dute izan ahotan, Ebrotik hegoalderagoko lurretan isiltzen duten Ezker Abertzalearekiko hurbiltasuna antzemanez.
Eta zer esan PP eta PSOEri buruz? Podemos barruan horrelako errietak badaude, atera kontuak aspaldiko etsai bi hauen artean! Rajoy hiru aldiz agertu da Euskadin, PPri darion ustelkeria kutsua erakarriz; eta Sanchez hiru bider izan da gurean, baina Espainiako gobernua eratzeko proposamenak baino ez ditu izan buruan, edo gutxienez bere alderdiko idazkari nagusi moduan bizirauteko, alderdiko bilera deituko duela ere iragarriz.
Eta Euskadi? Eta hemengo hezkuntza? Eta lana? Eta ekonomia? Hitzik ere ez.
EAJ-PNVk eta Urkullu lehendakariak argi dute horiexek direla gure lehentasunak: langabezia %10etik behera jaistea, gazteei laneratzea erraztea, elkarbizitza lantzea, inor bazterrean utzi gabe gutxien dutenek ezinbesteko zerbitzuak izan dezatela lortzea… Guzti hori Euskadiren garapen politikoa ziurtatuz.
Horiek dira alderdi batzuen eta besteen arteko diferentziak: alde batetik programak eta ideiak, baina, guztiaren gainetik, nahiak eta gogoak. Eta EAJ-PNVren nahiak eta gogoak Euskadin daude, eta horretara bideratzen ditugu, ondorioz, gure programak, gure ideiak eta gure lana. Kanpaina amaitzear da; mila esker gure egitasmoak helarazten lagundu diguzuen guztiei eta jarraitu lanean igande gauera arte, helburua lor dezagun.

No hay comentarios:

Publicar un comentario