lunes, 5 de septiembre de 2016


Ikasturte hasiera

Hasi berri den aste hau ezberdina da; onartu beharra dugu. Gaur goizean, jaikitzerakoan, jende askok nagiak astinduko zituen eta pixkanaka-pixkanaka normaltasunerako bidean jarriko zen. Aste honetan ikasle asko euren ikastetxeetan hasiko dira eta, aldi berean, udazkena gerturatzen hasiko da pittin bat gehiago.
Ikuspegi politikotik, berri handirik ez: egon eza handia, gizartearengan. Gaurko prentsa irakurtzerakoan, hiru gauzek begira jo didate:
1.- Aurreko asteko Rajoyren porrota eta gero, eta bere arazo nagusienetako bat ustelkeria izanik, Soria ministro ohia Munduko Bankurako hautagai moduan izendatzeak harritu egin nau. Panamako afera dela eta dimititu behar izan zuen pertsona izanik, zaila egiten zait ulertzea mundu mailako banku bateko arduradunetako moduan proposatu izana; guztiz itxuragabeko puntua iruditu zait.
2.- Gaurko prentsa irakurri eta gero badirudi Pedro Sánchezek Gobernu bat osatu nahi duela. Altura hauetan “postureo” hutsa dela inork ez digu ukatuko. Gauden garaian “joku” hauetan egotea ulertezina iruditzen zait. Urrian urtea beteko da Ganberak desegin zirenetik; Alderdi Sozialistak 90 eserleku lortu zituen abenduaren 20ean -gutxi, oso gutxi- eta hauteskundeak errepikatu zirenean 85 eserleku baino ez zituen lortu, bere arerio naturala den PPk bere emaitzak hobetu zituen bitartean. Zer gehiago esan beharra dago?
3.- Irakurtzen jarraituta, harritu eta dezepzionatu nauen hirugarren gauza pertsona bat izan da: Pili Zabala, tolosarra; bai PPk zein PSOEk duten jarrera tipikoa azaldu duelako: egia ez dela jakin arren, gauza bat egiazkotzat adierazi duelako. Politika hori al da? Sinesten ez dituen esaldiak bota, bere antzerkian paper bat bete behar duelako. Gutxienez, penagarria da. Berak badaki EAJk PPrekin zein harreman duen, zuzenean ezagutu duelako. Zer egingo diogu!
Guzti hau ikusita, guk, EAJ moduan, gurera jarraitu beharra dugu; helburu moduan euskal gizartea soilik izanik, pertsonekin, pertsona guztiekin dugun konpromisoarekin lanean jarraitzea. Horretan jardungo dugu aste honetan! Hasi berri den aste hau ezberdina da baina gure hodeiertza eta gure buruak horretan izaten jarraitu behar ditugu. Aste on bat izan!







No hay comentarios:

Publicar un comentario